Bertsozientziak, zientzia eta bertsolaritza uztartzen dituen ekimena
Aurtengoa 5. edizio da eta Beasainen hasi zuen bere ibilbidea. datorren astean Zarautzen izango da emanaldia eta Tolosan jarraituko du. Itxuraz elkarrengandik oso urrun dauden bi diziplina elkartzen dituen proiektua -bosgarren edizioa izango da aurtengoa- Gipuzkoan hasiko da, ondoren, Bizkaiara salto egiteko.
Hauek dira ekimenaren antolatzaileak: Donostia International Physics Center (DIPC), UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, ZarautzOn Elkartea, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia eta Tolosako Udala. Saioak pasa den apirilaren 12an (Beasain), maiatzaren 14an (Zarautz) eta 22an (Tolosa) izango dira.
«Jakinduriek Mundue Erreko Dau» izenburupean, hiru zientzialari eta bi bertsolari bilduko dituzte emanaldiek eszenatoki berean, hain ezberdinak diren bi unibertso (zientzia eta bertsolaritza) elkartzeko, haien mugak gainditzeko eta publiko berrietara iristeko. Hain zuzen ere, bosgarren edizio honetako programaren barruan, 10 minutuko hitzaldi zientifikoak eskainiko dira, euskaraz. Gaiak aurkeztu ondoren, zientzialariaren hipotesiak bilduko dituen bertso bat inprobisatu beharko dute bertsolariek.
Zarauzko topaketa datorren asteartean, Maiatzaren 14an Modelo Aretoan izango da arratsaldeko 19etan. Bi bertsolari handi elkartuko ditugu, batetik, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista 2001ean, 2005ean, 2009an, 2013an eta 2017an izan den , eta 2017ean txapelketetatik agurtu zen Igor Elortza. Bestetik, 2011an Gipuzkoako txapelketaren finalean hirugarren izan zen eta 2015ean bigarren, eta 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetan jardun zen,Alaia Martin. Kasu honetan, Bertsolariek errima jarri beharko diete zientzialariek azaldutako gaiei.
Zientzialari apartak ere bertaratuko dira Zarautzera, esaterako IXA Taldeko partaide eta UPV/EHU Informatika Fakultatetik Gorka Azkune izango dugu eta “Umeak bezala ikasten” hitzaldia emango digu. Iruñako Planetariotik berriz, Miren Karmele Gomez datorkigu eta “Zer berri han goian?” azalduko digu. Azkenik, Oskar Gonzalez, UPV/EHU – Zientzia eta Teknologia Fakultatea – Arte Ederretako Fakultatetik “Sinistuko ez zenituzketen gauzak aurki daitezke artelanetan” hitzaldia eskainiko digu.
Kike Amonarriz aurkezle eta umorista izango da hiru saioetako zeremonia-maisua, eta emanaldiak dinamizatzeaz eta bertaratzen direnen partaidetza sustatzeaz arduratuko da.
Sarrera doan izango da, aretoa bete arte.