ZARAUTZEN ZIENTZIAZ BLAI

ZZB VIII. edizioa

2022ko azaroaren 22an Modelo Aretoan

 

NONDIK NORAKOAK

Azaroaren 22an, asteartea, arratsaldeko 19retan Modelo Aretoan, zientzia eta teknologia dibulgazioa eta sentsibilizazioa programaren barruan Zarautz Zientziaz Blai egitaraua antolatuko dugu ZarautzOn Elkartekideek. Bertan Zarauzko DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasle direnak eta jadanik zientzialari edo beraien etorkizun profesional bilakaera lanetan ari direnen arteko hurbiltze eta truke-gune esparru bat sortu nahi dugu.

Zarauzko hiru ikerlari izango ditugu gure artean: Iraitz Cordero, Goratz Beobide eta Martin Irizar. Ekitaldiari itxiera emateko fisika kuantikoan aditua den Mikel Sanz, izango dugu gure artean. Mikel, Ramon y Cajaleko ikerlaria, Ikerbasqueko bekaduna Konputazio eta Arkitektura Kuantikoen Taldean eta EHU/UPV NQUIREko kidea da. Adituek diotenez, kuantikak informazioa prozesatzeko iraultza handia ekarriko du; horregatik, gaur egun herrialdeen arteko norgehiagoka handia dago ordenagailu kuantikoa nork lortuko lehenago.  Euskalerrian, bai Bizkaian eta baita Gipuzkoan ere kuantika garatzeko proiektu interesgarriak ditugu. Ekitaldi honetan honi buruz gehiago jakiteko aukera izango dugu.

 

 

PARTE-HARTZAILEAK

Iraitz Cordero – UPV/EHUko Telekomunikaziotako ingeniaria, Ingeniaritza Konputazionala eta Sistema Adimenduetan Masterduna eta ekintzailea.

Bere ibilbidea oparoa da. Ikerlanen egin dulan  baina ekintzailetzarako ahalmen berezia izaki oso aktiboa izan da adimen artifizialean oinarritutako soluzio teknologikoak asmatzen. TotalChek izeneko berrikuntza teknologikoko proiektu propioa garatu du, proiektu horrek Silicon Valleyra joatea egonaldi bat egitera erakarri zion. Prozesuak aurreikusteko, prebenitzeko eta kudeatzeko puntu kritikoak detektatzeko eta etengabe hobetzeko, industria-enpresei adimen artifizialeko soluzioak ematen dizkien sistema bat da. Gainera, hainbat “hackathon”etan parte hartu du (ekitaldi hauetan software programatzaileak biltzen dira erronka bati erantzuteko), eta finalista eta irabazle izan da behin baino gehiagotan. Gaur egun, CTO (Teknologiako zuzendaria) da myDentist startupean, eta bertan, Adimen Artifizialak bultzatutako doako teleodontologia- eta prediagnostiko-soluzio bat merkaturatu dute pazienteentzat.

 

Goratz Beobide – UPV/EHUko ADEn lizenziatua eta Cadizeko Unibertsitateko Ozeanoen Zientzietan lizentziatua da, Ozeanografia Fisikoan espezializatua eta Klimaren Fisikan masterra.

Bazirudien enpresan arituko zela, baina itsasoari dion maitasunak eta itsasoaren funtzionamenduak pizten zion jakin-minak bere norabidea errotik aldatzera bultzatu zuen eta Cadizera joan zen Ozeanografia ikastera. Surflaria da eta surf irakaslea izan da urteetan. Gaur egun Hamburgoko Unibertsitatean dago doktoretza egiten bertako Ozeanografia Institutuan. Bere tesian, bero-boladen iragarpena egun egiten dena baino zehaztasun handiagoarekin egitea ea posiblea den aztertzean datza. Azkenengo urteetan bero-boladak gero eta luzeagoak izan dira, bereziki Europan. Bere lanean MPI Grand-Ensemble modelotik (15.600 urteko aintzinatasuna duten datuak aztertuta) eta sare neuronaletatik ateratako datuekin, Ipar Atlantikoko eskualde garrantzitsuenak identifikatu ditu bero-boladei aurrea hartu ahal izateko. Orain arte jasotako emaitzek iragarpenak hobetzeko gai diren ala ez ikertzea du helburu.

 

Martin Irizar – UPV/EHUko ingeniari elektronikoa eta fisikaria. Bertan nanozientzia eta nanoteknologiaren inguruko masterra egiten ari da orain.

Bi unibertsitate-gradu zorrotz egin ditu aldi berean eta bien inguruan egin ditu iker lanak. Batetik Ikerlan Zentro Teknologikoan eta bestetik DIPC (Donostiako International Physics Center)ean 2019tik orain arte. Gaur egun grafenoa eta fisika kuantikoari buruzko master proiektua garatzen ari da. Grafenoa atomo bakarreko lodiera duen materiala da, paper zuri baten lodieraren milioi batena gutxi gorabehera. Hala ere, ezagutzen den materialik gogorrena da, eta propietate elektroniko eta termiko harrigarriak ditu. Grafenoaren ezaugarriak zeharo alda daitezke atomo gutxiren aldean eta, horregatik, zehaztasun atomikoko teknikak behar dira behar bezala ekoiztu ahal izateko. Era berean, horren eskala txikian, fisikako lege klasikoek ez dute balio, eta fisika kuantikoko legeak behar dira da bere propietateak ikertu eta ulertu ahal izateko.