I+G+B: moda ala beharra?

Manu Olariagak defendatu zuen I+G+B ez dela moda bat, biziraupen kontua baizik: herrialde bat zenbat eta berritzaileagoa, orduan eta lehiakorragoa eta aberatsagoa.
"I+G+B: moda ala beharra?" hitzaldiaren kartela, Manu Olariagarekin

Apirilaren 17an, asteartea, 19:30ean, Zarauzko Antoniano Aretoan, "I+G+B: moda ala beharra?" hitzaldia izango dugu, Manu Olariagarekin, Teknaliako Berrikuntzarako estrategiaren zuzendariarekin.

Hitzaldi honetan ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren inguruan hausnartuko dugu. Manu Olariagak I+G+B zertan datzan, dituen helburuak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren egitura eta gastuak azalduko dizkigu, Euskadin zer egiten dugun, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren kontzeptuak eta gizarte-garapenerako faktoreak lehen eskutik azalduz.

Hitzaldiaren testuingurua

Non gastatu behar dugu gure dirua, aitonaren erretiro-pentsioan ala Aitziberren doktoretza-bekan?

Galdera honek duda asko ditu bere baitan. Ez dauka erantzun errazik, baina gizarte aurreratu eta bidezko batek bi beharrak asetu beharko lituzke. Diru publikoen banaketa ez da lan xamurra, baina horri buruzko eztabaida ez da foro honen helburua, beste nonbait begiratzea baizik. Zer egin beharko genuke gizartekideok, diru-sarrera gehiago sortzeko, gizartearen behar anitzak asetu asmoz?

Aurkezpen honetan gure herrialdeak lehiakortasuna hobetzeko lana egin behar duela proposatuko dugu, eta horretarako, geurea den euskal gizarte aurreratu eta "garesti" honek ezagutzan oinarrituriko ekonomiaren garapena izan behar du ardatz.

Hitzaldiak proposatzen duena

  • I+G+B: zertaz ari gara honetaz hitz egiten dugunean? Zein da helburua? Ezagutzan oinarritzen den ekonomia eta jarraitutako helburuak (Euskadi eta beste eskualdeetako datuak).
  • Lehiakortasuna eta berrikuntza gizarte-garapenerako faktore gisa; bien arteko harremanak. Horiei buruzko datu eta gakoak, Euskadin non gauden ulertzeko (datuak, rankingak, erreferentziatzat har daitezkeen antzeko eskualdeen nondik norakoak).
  • Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren egitura eta gastuak Euskadin (sistemaren eskema, inbertsio publikoa eta pribatua, beste eskualdeen datuak).
  • Zer espero dezakegu sistemaren eragile bakoitzarengandik? Sistemaren alde positibo eta negatiboak.
  • Eztabaida eta ondorioak.

Apirilaren 17an, asteartea, 19:30ean, Zarauzko Antoniano Aretoan.

Sarrera doakoa.

Manu Olariaga Nafarroako Unibertsitateko Industria Ingeniaritzako Goi Mailako Eskolan (ETSII) Industria Ingeniaria da, eta Mondragon Corp. Coop.-eko Zuzendaritza Garapeneko Programa egin du. Gaur egun, doktorego-tesia egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, egungo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemei eta teknologiaren enpresetara transferentziari buruz.

Esperientzia profesional eta zuzendaritza-esperientzia zabala du: Kalitate Zuzendaria Aplicaciones Técnicas del Caucho S.A.-n eta Federal Mogul Corp.-en; Merkataritza eta Industria Zuzendaria Guría S.Coop-en; Zuzendari Nagusia Biurrarena S.Coop-en, Grupo Comelectric-en eta S.Izaguirre S.A-n; Bazkide Zuzendaria OPE Consultores-en; Berrikuntza Estrategien Dibisioko Zuzendaria Tecnalia R&I-n; Kontseilaria Tecnalia Ventures-en.

Enpresen aholkulari eta kontseilari independente gisa aritu da; berrdefinizio estrategikoa eta negozio-ereduak, marketin estrategikoa eta dibertsifikazio-ekimenak (organikoak zein ez-organikoak) garatzea dira bere espezializazio-lerroak.

Ezagutza-zentroetatik enpresetara teknologia transferitzea da bere ikerketa-esparrua.

Notiziak

Kapsula Kuantikoa

Data: Azaroak 20-21
Ostiralean 09.00-14.00 eta 16.00-19.00
Larunbatean 10.00-14.00 eta 16.00-20.00
Lekua: Zarauzko Malekoian, Dama ondoan
info@kuantika.eus edo 945 180 736

Descubre más

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak

Hitzaldiak

Hitzaldiak

Notiziak

Notiziak

Solasaldiak Koronavirus garaian

Solasaldiak Koronavirus garaian

Tailerrak

Tailerrak

Zineforum

Zineforum