Kapsula Kuantikoa: fisika kuantikoa Zarautzera gurpilen gainean helduko da azaroaren 20an eta 21ean
Kapsula Kuantikoa, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren programa ibiltaria, fisika eta teknologia kuantikoak herritarrei hurbiltzeko, Zarautzen egongo da azaroaren 20an, ostiralean, eta 21ean, larunbatean. Unitate mugikorra Lizardi kalea 9C-n kokatuko da. Sarrera doakoa da.
Unitate mugikor moderno batean, parte-hartzaileek esperientzia kolektibo bat bizi ahal izango dute, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk deskubritzeko eta eguneroko bizitzan dituzten aplikazioak ezagutzeko. Bisitan, ikus-entzunezko baliabideak eta instalazio interaktiboak konbinatzen dira, konplexuak izan daitezkeen edo eguneroko bizitzatik urrun dauden kontzeptuak ulertzen laguntzeko. 12 urtetik gorakoentzat gomendatua dago.
- Ostiral goizean: talde-bisitak, aurrez erreserbatuta, ikastetxeentzat eta elkarteentzat. 50 minutu inguru irauten dute, eta taldeak 25 lagunekoak dira. Erreserbak: info@kuantika.eus edo 945 180 736.
- Ostiral arratsaldean eta larunbatean: bisita librea, 30 minutu inguruko saioetan. Ordutegia: ostiralean 16:00etatik 19:00etara; larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara (nahi duenak erreserba dezake, baina ez da nahitaezkoa).
Zarauzko geldialdiari buruzko informazio gehiago Zientziaklik agendan.
Kapsula Kuantikoak 2026ko urriaren 2tik Euskadi zeharkatzen du (Donostian hasi zen) 2027ko uztailera arte, 147 herritatik igaroz. Astero argitaratzen dira ibilbidearen data zehatzak Zientziaklik agendan eta Zientziaklik-en Instagrameko kontuan (@zientziaklikejgv), #kapsulakuantikoa etiketarekin. Egutegi osoa programaren kartelean ikus dezakezu:
Eusko Jaurlaritzaren prentsa-oharra: "Arranca Kapsula Kuantikoa, el programa itinerante que llevará la cuántica a 147 localidades de Euskadi".
Jakindariren 2. topaketan hartu zuen parte ZarautzOn-ek
Urriaren 21ean, 80 entitatetik gorako pertsonak bildu ziren Miñaon (Gasteiz), partekatzeko, ikasteko eta elkarlanean aritzeko, gizartean eragin handiagoa sortzeko.
"Kontzientzia": ZarautzOn-en oroigarria hizlarientzat
ZarautzOn-ek Erik Aranburu zarauztar artista gazteak egindako litografia bat oparitzen die bere hizlariei. 2/15 alea Arantzazu Lizartzari eman zitzaion.





