Kapsula Kuantikoa: fisika kuantikoa Zarautzera gurpilen gainean helduko da azaroaren 20an eta 21ean
Esperientzia kolektibo bat, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk deskubritzeko eta eguneroko bizitzan dituzten aplikazioak ezagutzeko.

XII. edizioa, azaroaren 24an, 19:00etan
Modelo aretoa
Zarautzen Zientziaz Blai ekimenaren hamabigarren edizio honetan, herriko hiru ikertzaile izango dira gurekin, zein proiektuetan dabiltzan azaltzeko: Andrea Cid, Patricia De La Riva eta Pablo Morales. Beraiekin batera, gonbidatu berezi bezala, gazte ekintzaile bat: Xabier Eizagirre, BasqueScout VFX enpresa sortu duena. Xabier ekoizpen birtualean eta efektu bisualetan aditua da, prestakuntza berezia eta esperientzia praktikoa du. Agertoki birtualak, ordenagailuz sortutako irudiak (CGI) eta zinemako, publizitateko eta errealitate hedatuko proiektuetarako ekintza-material erreala integratzen ditu. Aurtengo Itzulian eta estropadetako emanaldietan berak sortutako irudiak EITBen erabili dituzte arrakasta handiarekin.
Jarraian aurtengo ZZBko partaideen datu nagusiak:

XABIER EIZAGIRRE PERAL
Informatika ingeniaritza hasi zuen, baina konturatu zen hura ez zela bere bidea, eta ikus-entzunezkoen mundura jo zuen, Donostiako CENTAn, non efektu bisual orokorragoak ikasi zituen, zinemara bideratuak, eta Malagako Animumen, kasu hartan irudi-efektuak: leherketak, ur-simulazioak… ikasi zituen. Handik aurrera bere kabuz jarraitu zuen ikasten, proiektu bakoitzarekin urrats bat haratago joanez: bakoitzak erronka handiagoa ekarri zion, eta bakoitzetik zerbait berria ikasi zuen. Lehen proiektuak berak bilatu zituen, zineman eta efektu bisualetan, eta bide horretan sortu zen BasqueScout, Miramongo Parke Teknologikoan. Prestakuntza oso espezifikoa da, eta ez da oso ohikoa.
Ikus-entzunezko hainbat proiektutan lan egin du zinemagile gisa eta efektu bisualetan sortzaile espezialista ere. Hauen adibide batzuk Zarautzekin lotuta daude: Mollarri laburmetraia eta "Iraganera begira" proiektua. Honen helburua zen iragana ulertzea, oraina hobeto interpretatzeko eta etorkizuna eraikitzeko. QR kodeen bidez, udalerriko hainbat toki zehatzetatik, telefono mugikorra erabiliz egungo paisaia berreraikuntzekin eta ikuspegi historikoekin alderatzeko, 360 gradutan ikusteko aukera ematen du.
Harrezkero, zinemak eta telebistak gaur egun erabiltzen duten teknologia berrienetako batean murgildu da: ekoizpen birtualean. Plato batean grabatzen dena, une berean, ordenagailuz sortutako ingurune batean ikusten da pantailan. Efektu bisualetatik abiatu bazen ere, gaur egun proiektu osoan parte hartzen du: alderdi teknikoan, ekoizpenean eta filmaketan bertan. Horretarako behar izan dituen tresna asko berak garatu ditu, eta aurten haren lana telebistan ikusi ahal izan da, EITBk emandako Itzuliaren etapetan eta Kontxako Banderan.
Gaur egun adimen artifizialarekin dabil, sortzeko eta lan egiteko modu berriak esploratzen.

ANDREA CID ALONSO
Ikasketak
• EHU: Kimikan graduatua eta Kimika eta Polimeroetan masterra.
• Cambridgeko Unibertsitateko Ingeniaritza Sailean ikerketa egonaldia egin zuen Global Training beka bati esker.
• EHU-Polymaten doktoretza prozesuan.
Proiektuaren izenburua:
Urrea eta polimeroak: garuneko inplante iraunkorragoak lortzeko diseinua
Laburpena
Polimero eroaleak, bereziki PEDOTa, funtsezkoak bihurtu dira bioelektronikaren eta interfaze neuronalen garapenean. Eremu honetan aurrera egiteko, ezinbestekoa da sintesi-bide desberdinak ikertzea; adibidez, EDOT monomerotik abiatutako argi bidezko polimerizazio-prozesu berriak garatzea, in vivo bioelektronikako aplikazioetarako. Hala ere, gaur egungo interfaze neuronaletan, estaldura polimeriko eroaleen epe luzeko egonkortasuna bermatzea erronka kritikoa da oraindik.

PABLO MORALES CARDADOR
Ikasketak
• EHU: Kimikan graduatua eta Polimero Zientzietan master bikoitza.
• EHU-Polymaten doktoretza prozesuan. Erreakzio polimerikoetan eta polimerizazio industrialean espezializatua.
Proiektuaren izenburua:
Fluor gabeko estaldura polimeriko iragazgaitzak
Laburpena
Estaldura polimerikoak funtsezkoak dira ura eta olioarekiko iragazgaitzak diren ehunak eta arropak lortzeko. Orain arte, ehungintza-aplikazioetan, fluoropolimeroen familia izan da erabiliena merkatuan beraien propietate bikainengatik. Halere, konposatu fluoratuak ingurunera konposatu kimiko kaltegarri eta iraunkorrak askatzen dituztenez, hainbat araudi ezarri dira beraien erabilera murrizteko. Ondorioz, fluorrik gabeko polimero hidrofoboak alternatiba gisa agertu dira, eta emultsio polimerizazioaren bidez, konposatu organiko lurrunkorrik gabeko estaldura hidrofoboak sintetiza daitezke.

PATRICIA DE LA RIVA JUEZ
Donostia Ospitaleko Iktus Unitateko neurologoa eta EHUko Neurozientzietan doktorea. Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Iktus taldeko burua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea.
Proiektuaren izenburua:
Endotelioaren inplikazioa iktus iskemikoaren tratamendu endobaskularraren eraginkortasuna eta segurtasunean
Laburpena
Iktusaren tratamenduan aurrerapauso handiak eman diren arren, gaixotasun honek desgaitasunaren eta hilkortasunaren arrazoi nagusietako bat izaten jarraitzen du mundu mailan, eta eragin kliniko, sozial eta ekonomiko handia du.
Erreperfusio terapiak onuragarriak direla argi frogatu dute, birkanalizazio-tasa handiak lortzen dituztelako. Tamalez, birkanalizazioa ez da beti emaitza kliniko on batekin jarraitzen, eta hori, besteak beste, eraldaketa hemorragikoa (EH) bezalako prozesuen bidez azaltzen da.
Proiektu honen helburua ea disfuntzio endoteliala (DE) tratamendu endobaskularraren (TEB) erantzunari lotuta dagoen aztertzea da; segurtasunari, eraldaketa hemorragikoari, eta emaitza pronostikoari, iktusa jasan eta 90 egunetara autonomiari dagokionez. Horrez gain, egoera inflamatorioaren eta funtzio endotelialaren arteko harremana aztertu da testuinguru horretan bertan, eta DEren inplikazioa adin nagusiko pazienteen artean ikusitako pronostiko okerragoan.
Horretarako, aurrera begirako kohorte motako azterketa estudioa egin zen, 2018ko martxotik 2020ko abuztura bitartean Donostia Ospitalean TEB bidez tratatu ziren iktus pazienteekin. Gaixoen funtzio endoteliala hiru bidez ebaluatu zen: NOS3 genearen -786T>C genotipoa zehaztuz, argininatik eratorritako metabolitoen errekanalizazio aurretiko mailak zehaztuz eta ultrasoinuekin funtzio endotelial sistemikoa ebaluatuz. Funtzio endotelialaz gain, TEBaren aurreko egoera inflamatorioa aztertu zen.
Sarrera doakoa.
Esperientzia kolektibo bat, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk deskubritzeko eta eguneroko bizitzan dituzten aplikazioak ezagutzeko.
Urriaren 21ean, 80 entitatetik gorako pertsonak bildu ziren Miñaon (Gasteiz), partekatzeko, ikasteko eta elkarlanean aritzeko, gizartean eragin handiagoa sortzeko.