Adimen artifizialean urte asko daramatzagu ikertzen, makinei adimena emateko helburuarekin. 50. eta 60. hamarkadetako ikerlariek makinak programatu nahi zituzten eskuz, gizakion ezagutza kodifikatuz eta arrazoiketa logikoak egitea ahalbidetuz. Bide hartan ikusi zen makinen adimena oso zurruna zela, gizakiok dugun eta gure munduak eskatzen duen malgutasunetik oso urrun. Gaur egungo adimen artifizialaren iraultza ez da bide horretatik etorri. Azkenean ulertu dugu makinek beren kasaka ikasi behar dutela gure pareko adimena izatera iristeko. Hitzaldi honetan ikusiko dugu makinek nola ikasten duten eta jada zer egiteko gai diren.
 
Gorka Azkune Informatikan Doktorea da eta Deustuko Unibertsitatean dabil lanean, bai ikerkuntzan zein irakaskuntzan. Bere ikerketa adimen artifizialaren esparruan kokatzen da, ikasketa automatikoa erabiliz sistema adimentsuak sortzeko. Gaur egun neurona sare sakonekin ari da ikerketan, gizakien portaera ulertuko duten sistema artifizialak garatuz. Zientzia dibulgazioan ere sartuta ibili da, hainbat blog, lehiaketa eta ekitaldietan parte hartuz.
 
#makinak #ikasketa #adimenartifiziala #AA #zarautzon
Asteazkena, Urriak 4, arratsaldeko 7.30ean Zarauzko Antoniano Aretoan