Txomin Lasa

2026-03-02

Gaur, 2026ko Martxoak 2a, udaberri atarian zendu da Txomin Lasa,  ZarautzOneko sortzaile, gobernu-batzordeko kide, entzule, ehunka ekimenetako langile eta gure argazkilari ofizial izan dena. Munduari bira batzuk emandakoa Nicole emazte maitearekin. Goian bego!

TXOMIN LASA IRASTORZA

Ordizia. 1942/05/19

Sare sozialetan begira nabilela, bere burua honela definitzen zuela aurkitu dut: “Bizitzarekiko guztiaz interesa duena. Gaztea pentsaeraz, eta erretiratua inon ez”. Hara. Kasik ezer ez.

Txomin “paperetan” —izan egunkari, liburu zein kartel— arrastorik uzten ez zuten horietakoa zen. Bere aztarnak inguruko jendearengan daude. Berarekin topo egiteko eta proiektuak bizitzeko zortea izan dugun pertsonengan. Txominek zarata gutxi egiten zuen taldean, baina beti arduratzen zen adostutako lanez. Beti profesionaltasunez eta autoexigentziaz. Txominek nonahi dela jartzen zuen bere alea eta hartzen zuen konpromisoa.

Euskal musikaren hastapenetan, hirurogeiko hamarkadaren hasieran Bartzelonako pisu batean Mikel Laboarekin topo egiten zuenean, Mikelek bere Lau Herri Kanta-ko lehen akordeak entseatzen zituen bitartean, edota Ursuako Kantako doinuak edo Bertol Brecht diskokoak kantatzen zituenean, han zen Txomin.

Baina 50 urte geroago, konpromiso bera hartu zuen Gipuzkoako industria enblematiko batek, Herramientas Palmerak, bizi zuen krisi sakonari irtenbidea bilatzeko. Egoerak sakoneko esku-hartzea eskatzen zuen: ekonomikoa, teknologikoa eta komertziala. 80ko hamarkada zen, eta 500 langileak manifestazioetan zebiltzan euren protestak ezagutarazteko. Eskuzko tresnen sektorearen erabateko berregituraketa egitea lortu zuten. Eta Txomin izan zen PALMERA hori BAHCO bihurtu zutenetako bat. Talde bikain baten parte izan zen eta merkatu berriak bilatu zituen Europan, Ekialde Hurbilean eta Latinoamerikan, harik eta eskuzko tresnetan, alikateetan, bihurkinetan, zerrotan eta limetan Europako lider bihurtu arte.

Txomin ZarautzONen fundatzaileetako bat zen; ZarautzON sortzeko lehen deialdira joan zenetakoa, 2012ko maiatzaren 12an, igande eguerdiko 12etan, Arralde Txikin. Gurekin beti agertu zuen konpromisoa eta laguntzeko prestutasuna, Pedrorekin batera gure bisita gidatuak esploratu eta antolatzeko. Txominen argazki-artxiboak ZarautzONen memoria bizia dira. Inoiz ez zitzaion ezer eskatu behar izan. Eguna eta ordua gogoraraztearekin nahikoa zen.

Mila esker Txomin eta Nicole. Nola ez.

Esan genezake Txomin gizatiarra eta konprometitua den errenazentista bat zela. Bere begirada gardenarekin eta bere betiko irribarrearekin. ZarautzONen sortzaile, lankide eta laguna. Eskerrik asko.

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak

Hitzaldiak

Hitzaldiak

Notiziak

Notiziak

Solasaldiak Koronavirus garaian

Solasaldiak Koronavirus garaian

Tailerrak

Tailerrak

Zineforum

Zineforum