Solasaldiak Koronabirus garaian III

Zer eskain diezaguke Adimen Artifizialak koronabirus garai hauetan? Nolako eragin ekonomikoa sortzen ari da, eta sortuko du etorkizunean, Adimen Artifizialak?

“Adimen Artifiziala babesgabeko gizarte baten aurrean”

 

Datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, aurreko ekitaldian bezala (Osasuna eta Komunitatea), sarean izango gara Koronabirus garaietako Solasaldiekin jarraitzeko.

Gaur, ZarautzOn-eko gure leihoa irekiko dugu Adimen Artifizialaren eta Big Dataren mundu ezezagunean murgiltzeko; askoren ahoan dabilen terminoa da, baina… Benetan al dakigu zer esan nahi duen? Ezagutzen al dugu Adimen Artifizialarekin duen harremana eta horrek guretzat guztiontzat dakarrena? Jabetzen al gara sistema horien ezarpenak gure bizitzan izan dezakeen eraginaz eta zein den datu hauen erabilera pribatuaren muga etikoa? Zer eskain diezaguke Adimen Artifizialak koronabirus garai hauetan? Nolako eragin ekonomikoa sortzen ari da, eta sortuko du etorkizunean, Adimen Artifizialak?

Gai horietako batzuk argitzen saiatzeko, gurekin dugu Xabier Uribe-Etxebarria. Pertsona etengabeko prestakuntzan dagoena eta hainbat unibertsitatetan (MIT, Harvard…) master batzuen jabe dena; gaur egun arkitektura ikasten ari da. Anboto Group-en sortzailea —munduko startup onena Innovate! 2010 nazioarteko lehiaketaren arabera—, Sherpa sortu zuen 2012an, giza gaitasunak areagotzeko adimen artifiziala aplikatzeko helburuarekin. Sherpa.ai munduko 10 enpresa berritzaileenetako bat da AAren arloan, eta 2019an Tom Gruberekin (Siriren sortzailea eta Apple-ko kide ohia) akordio batera iritsi zen Sherpan sartzeko. Azkenaldian, Sherpa.ai-k Osakidetzarekin kolaboratu du Euskadiko pandemiaren bilakaera identifikatzen duen aplikazio bat garatzen, ZIUetako oheen beharra aurreikusteko.

 

Lorena Fernández, ingeniari informatikoa eta informazioaren segurtasunean masterduna. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko nortasun digitaleko zuzendaria da. Europako Batzordeko “H2020 Expert Group to update and expand Gendered Innovations/Innovation through Gender” aditu-taldeko kidea, Adimen Artifizialean genero-ikuspegia ez txertatzearen eragina aztertzeko. Doce Miradas taldeko kidea da; gizarte desberdin bat imajinatzen duten eta emakume zein gizonentzako gune komun, bidezkoago eta orekatuago bat aldarrikatzen duten ameslariz osatutako taldea (2018ko Euskal Kazetaritza Saria, Kazetaritza Digitalaren modalitatean).

AAren aurrerapenaren barruan dagoen erronketako bat gizakiekin nola biziko den eta nola elkarreragingo duen da, bai eta AAk gizakiari prozesu desberdinetan nola lagunduko dion ere. Zientziaren azken helburua gizartearen zerbitzura egotea da. Halaxe jasotzen da Giza Eskubideen Aldarrikapenean eta Europar Batasunaren fundazio-itunetan. Noizbait adierazi duzue pribatutasuna oso kontuan hartzen duten algoritmoak garatzen ari zaretela. Eta Javier Echeverría filosofoak, adibidez, hauxe dio: “intimitateari dagozkion datuak ezin dira inolaz ere erabili”.

Alberto Bellék, IDG Research-eko analistak, Computerworld aldizkarian hilabete honetan bertan zioen: “Koronabirus ondorengo munduan, negozioen erronkak adimen artifizialari dagokionez, ziurgabetasun testuinguruetan eskaera aurreikustean, langileen eta baliabideen kudeaketa optimoan eta estrategia komertzialen birmoldaketan zentratuko dira”. Nolakoa izango da laneko “normaltasun” berri hau?

Gainera, errealitate birtual murgiltzailearekin, teletransportazio birtualarekin edota zaintzan, harreman publikoetan eta garapen afektiboan jardungo duten errealitate birtualeko gizakiekin ohituko gara… Errealitate birtual horiek pertsonak dira, eskubideak eta erantzukizunak dituzte; autonomoak dira ala mendekoak? Norengandik? Elkarteak osatuko al dituzte? Ideologia transmititzeko edota kultura eta zibilizazioen nagusitasuna erreproduzitzeko tresna bihurtuko al dira? Galderaz hasi gara eta galderaz amaitzen dugu…

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak

Hitzaldiak

Hitzaldiak

Notiziak

Notiziak

Solasaldiak Koronavirus garaian

Solasaldiak Koronavirus garaian

Tailerrak

Tailerrak

Zineforum

Zineforum