
ZARAUTZEN ZIENTZIAZ BLAI 2025
XI. edizioa, azaroak 25ean, 19,00tan
Modelo aretoa
Zarautzen Zientziaz Blai ekimenaren hamaikagarren edizio honetan, herriko lau ikertzaile izango dira gurekin, zein proiektuetan dabiltzan azaltzeko: Lukas Arana, Oier Ijurco, Janire Aramberri eta Eneko Atxa. Beraiekin batera, zientzialari lanbidean hainbat urte daramatzan herriko beste ikertzaile bat izango dugu gonbidatu berezi bezala: Iban Ameztoy, Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta Teledetekzio, Sateliteetan eta Informazio Sistema Geografikoetan espezializatua.

Iban Ameztoy-k Doñana, Irlandako Cork eta Vienan ibili ondoren, urteak daramatza lanean Europar Batasunak Italian, Ispran duen Ikerketa zentroan, JRC (Joint Reserche Centre) hain zuzen. Bertan sateliteen bitartez munduko basoen egoeraren jazarpena egin eta bertatik jasotzen den informazioa modu erabilgarrira bilakatzea dute helburu, honenbestez ingurumen politikak diseinatu ahal izateko. Ekitaldian zein proiektuetan dabilen eta nola ez bere ikerketa ibilbideaz hitz egingo digu.
Bestalde, aurtengo lau ikertzaile gazteek ezaugarri komun bat dute: IBMren ordenagailu kuantikoa iritsi berria dela aprobetxatuz, Donostiako EHUko campusean diseinatu den ibilbide birtual edo oinez egiteko ibilbideari “Milia Kuantikoa” izena eman zaio, zientzia eta teknologia kuantikoen euskal lidergo zientifikoari balioa emanez. Lukas, Oier eta Eneko, Informatika Fakultateko hainbat taldetan ari dira ikertzen, eta Janire, Kimika fakultatean. Bi fakultate horiek dira, beste bost ikerketa zentroekin batera: Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM), CIC nanoGUNE, Tecnun (Nafarroako Unibertsitatea), eta Ikerbasqueren eraikin berria, Basque Quantum aliantzaren egoitza, ibilbide honetako partaideak.

IBAN AMEZTOY ARAMENDI
Ingurumen Zientzietan lizentziatua Salamancako Unibertsitatean eta Teledetekzio Zientzietan eta Informazio Geografikoko Sistemetan masterra Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Teledetekzio edo sateliteen irudien erabileran eta datu geo-espazialetan aditua denez, horrek Europa mailan ikerketa zentro ezberdinetara eraman du: esaterako, Doñanako Estazio Biologikoan, hezeguneetako eta Guadalquivir ibaiko uraren uhertasun-dinamikak eta tenperatura-aldaketak aztertu zituen; Irlandan, Corkeko Unibertsitatean, kostaldeko lurren eraldaketak; eta, Vienan, Nazio Batuen Droga eta Delituaren aurkako Bulegoan (UNODC), munduko hainbat herrialdetako kokaren eta opio-belarraren landaketak detektatzen aritu zen. Gaur egun, Joint Research Centre (European Commision) JRC Ispra-n egiten du lan, Europar Batasuneko Ikerketa Zentroan eta Ispran dago, Italiako iparraldean. Bi unitateetan hartzen du parte: Baso eta Bioekonomia Unitatean eta Ur eta Ozeanoen Unitatean, non gai horiek eta etorkizunean izango ditugun erronkak lantzen baitituzte. Sateliteek ematen dituzten aukerei balio erantsia ematea da bere zeregin nagusienetakoa.
Sentinel-2 satelitea erabili du gehien. Europar Batasunaren Copernicus Programan orbitaratu zuten satelite hori. Informazio-zerbitzuak garatzea da programa horren helburuetako bat, eta datuak modu irekian jartzen ditu eskuragai. Beste hainbat satelite ere erabiltzen ditu ere adibidez, Sentinel-1 eta Sentinel-5, Landsat sateliteak, MODIS, GOES eta Himawari-8.
“Sateliteetatik ateratzen ditugun irudiak aurrean ditugun erronkei erantzuteko puzzlearen zati txiki bat besterik ez dira, alderdi estetiko bat badutena, baina, batez ere, planetaren informazio eguneratu eta zabala eskaintzen digutena. Urteko edozein egunetan munduko edozein txokotan egoteko dugun aukera honek kontzientziazioa pizteko balio behar digu”.
2006tik gaur arte, hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, hogei bat artikulu zientifiko argitaratu ditu eta hainbat kongresu antolatu eta parte hartu du.

LUKAS ARANA GARMENDIA
Ikasketak
• EHU: Adimen Artifizialean Graduatua eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan Masterra.
• EHU: Gaur egun, HiTZ taldeko ikertzailea
Proiektuaren izenburua:
Nola irakatsi Hizkuntza Eredu Handiei euskaraz ikusten?
Laburpena
Gaur egungo Hizkuntza Eredu Handi ezagunenak, GPT edo Gemini kasu, gai dira informazio multimodala ulertzeko. Izan testua, irudiak, audioak edo bideoak eta nahiz eta eredu hauek, euskaraz hitz egin, gehienetan itxiak dira funtzionamendua zailduz eta gainera beraien erabilera ordaindua izanik. Alternatiba irekiak, Helmugako “Llama”-ren kasua kasu, ez dira gai baliabide gutxiko hizkuntzetan trebatzeko, euskara kasu.
Testuinguru horretan sortu zen Latxa, euskararako testuetan berariaz entrenatua, testuan oinarritutako euskarazko zereginetan gaitasunak eta alternatiba itxiak erakusten dituena. Euskal eredu irekiei irudiak ulertzeko gaitasuna erakusteko hainbat metodo garatu ditugu gure lanean, euskararentzako lehen Hizkuntza Eredu Multimodal Handi irekia aurkeztuz.

JANIRE ARAMBERRI URBIETA
Ikasketak:
• EHU Kimikan graduatua, Kimikan eta Polimeroetan masterra
• Gaur egun, Kimika Aplikatuan eta Material Polimerikoetan doktoretza egiten ari da EHUko Polymat Zentroan.
Proiektuaren izenburua:
Ur-oinarriko pinturen garapena eguneko erradiazio bidezko hozte pasiboko material gisa (PDRC)
Laburpena
Hiri biztanleriaren hazkundeak berotze globalari eragiten dio, hirietan bero-uhartearen efektua sortuz (ingelesez, Urban Heat Island, UHI). Hirietako tenperaturak igotzeak eta, ondorioz, aireztatze sistemak eta aire girotu sistemak gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz energia eskaria handitzeak negutegi efektuko gasak isurtzea eragiten dute.
Eguneko erradiazioaren bidezko hozte teknologia pasiboak (ingelesez, Passive Daytime Radiative Cooling, PDRC) aukera jasangarria eskaintzen du beroa kanpoko espaziora erradiazio infragorri gisa igortzen baitu energiarik eman beharrik gabe. Gaur egungo PDRC materialak geruza anitzeko estaldura polimerikoetan oinarritzen dira, pigmentu zuriekin, hala nola titanio dioxidoarekin (TiO2). Hala ere, garestiak eta ingurumenerako kaltegarriak izan daitezke, Konposatu Organiko Lurrunkorren (KOL) emisioak direla eta. Ur-oinarriko pinturak aukera ekologikoagoa dira, KOLak murrizten baitituzte eta pigmentu jasangarrien erabilera bultzatzen baitute, hala nola portlanditarena (Ca (OH) 2); islakortasun eta emisibitate handiko zementu-minerala, hozte-estaldura eskalagarri eta jasangarrietarako egokia.
Proiektu honen helburua da hozte erradiatiboko teknologien eta urpinturen garapenean sakontzea, literatura berrikusiz, hozketa hobetzeko sintesi-ibilbideak garatuz eta optimizatuz, estaldura aurreratuak formulatuz eta funtzionaltasuna hobetzeko nanopartikula pertsonalizatuak sintetizatuz.

OIER IJURCO MURUA
Ikasketak
• EHU: Adimen Artifizialean Graduatua eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan Masterra
• EHU: Gaur egun, HiTZ taldeko ikertzailea
Proiektuaren izenburua:
Arrazoiketa, elkarrizketa sistemetako objektuen deskribapenen bidez.
Laburpena
Zereginetan oinarritutako elkarrizketa sistemek helburu zehatzak lortzen laguntzen diete erabiltzaileei, hala nola ekintzak gauzatzea edo informazioa berreskuratzea hizkuntza naturaleko interakzioen bidez.
Korreferentzia ebazpen zehatza ezinbestekoa da, elkarrizketa barruan objektu erreferentziak identifikatzea bai dakar. Hala ere, zereginetan oinarritutako elkarrizketan korreferentzia ebazpena mugatuta dago, domeinuen arteko orokortze eskasagatik eta gainbegiratutako ereduekiko mendekotasunagatik. Lan honetan test moduko arrazoiketetan oinarritutako hurbilketa bat proposatzen dugu, hizkuntza eredu handiek (HEH) elkarrizketaren historian zehar objektuen metadatu zehatzei buruz arrazoitzea ahalbidetzen duena, korreferentzien ebazpena hobetzeko.

ENEKO ATXA LANDA
Ikasketak:
• Informatika Ingeniaritzako Gradua eta Ingeniaritza Konputazionaleko eta Sistema Adimendunetako masterra, Deustuko Unibertsitatean, bertan irakaslea izan da.
• Gaur egun, doktoretza egiten ari da RSAIT-Robotika eta Sistema Autonomoak ikerketa taldean, EHUko Informatika Fakultatean.
Proiektuaren izenburua:
Nola mugitzen gara geldirik gaudenean? IDLE animazioak automatikoki sortzea.
Laburpena:
Abatar birtualentzako keinuak era automatikoan sortzea da helburua. Abatar hauek erabiltzen direnean, bideo-jokoetan, esaterako, grabatutako edo eskuz egindako animazioak eransten zaizkie. Egiten ari den ikerketan aztertzen diren animazioak, zehazki, “idle” izenekoak dira.
“Idle” animazio hauei esker, abatarrak etengabe mugitzen dira, ezerk haiekin interaktuatzen ez duen momentuetan ere. Adibidez, arnasa hartzea, ingurura begiratzea, buruari hazka egitea edo muskulu mugimendu txikiak egitea dira “idle” animazioen erakusgarri. Animazio horiek, txikikeriak iruditu arren, sekulako errealismoa ematen diete abatarrei, benetako pertsona gisa jokatzen bai dute.
Animazio horiek automatikoki sortzeko, proiektuan ikaskuntza sakoneko sareak (deep learning) entrenatzen dira grabatutako datu multzo handietan (grabatu edo eskuz egin gabe). Sare hauek pertsonak nola mugitzen diren ikasteko gai bai dira, erreferentziazko fotogramak emanez ez gero mugimendu luze eta sinesgarriak sortzeko.
