Zer dakigu benetan Alzheimerraz?

Miren Altuna neurologoak azaltzen du zein sintomek kezkatu behar gaituzten, Alzheimerraren diagnostiko goiztiarreko aurrerapenak eta gaur egungo zein etorkizuneko tratamenduak.

Zarauztar neurologoa eta CITA-Alzheimer fundazioko doktoratu ondoko ikertzailea den Miren Altunak «Zer dakigu benetan Alzheimerraz?» hitzaldia eskainiko du maiatzaren 23an, asteartea, 19:30ean, Zarauzko Modelo Aretoan, ZarautzOnek gonbidatuta. Diagnostiko goiztiarra egingarria da.

«Zer dakigu benetan Alzheimerraz?» hitzaldiaren kartela, Miren Altunarekin, 2023ko maiatzaren 23a, Zarauzko Modelo Aretoa

Biztanleriaren zahartzeak erronka soziosanitario berriak dakartza; horien artean, zahartzaroari loturiko osasun-arazoen maiztasuna nabarmen areagotzea, narriadura kognitiboa eragiten duten gaixotasunak barne. Alzheimerren gaixotasuna da guztietan ezagunena, baina ez bakarra. Zahartzaro osasuntsuari loturiko aldaera kognitiboak eta gaixotasun baten abiapuntu izan litezkeen lehen sintomak bereiztea ezinbestekoa da, diagnosi goiztiar eta egoki bat egin ahal izateko.

Hitzaldian zehar azalduko da gure errendimendu kognitiboari loturiko zein sintomek kezkatu behar gaituzten eta zeinek ez. Era berean, osasun-arazo horien diagnostiko goiztiarrean, zehazki Alzheimerren gaixotasunari dagokionez, egindako aurrerapenak helaraziko dira.

Gaixotasun horiei aurre egiteko ikerketak duen garrantzia azpimarratuko da, eta gai horri buruz egiten ari diren ikerketa motak azalduko dira, bai nazioartean, bai gure eskualdean. Gainera, gaur egungo tratamendu-aukerak eta etorkizun laburrean eskuragarri izatea espero direnak aztertuko dira. Zorionez, hamarkada goibel luze askoren ostean, zientziaren aldetik baditugu itxaropenerako arrazoiak.

Maiatzaren 23a, asteartea, 19:30ean, Zarauzko Modelo Aretoan.

Sarrera doakoa.

Miren Altuna

CITA-Alzheimer fundazioko neurologoa eta doktoratu ondoko ikertzailea. Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean (2013), neurologoa BAME bidez Nafarroako Unibertsitate Ospitalean (2013-2017); BAME osteko espezializazioa egin zuen kognizioaren eta jokabidearen patologietan, Bartzelonako Santa Creu i Sant Pau Ospitaleko Alzheimer-Down eta Memoria Unitateetan (2018-2022), eta Osasun Zientzietan doktoratu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2021).

Gipuzkoako Medikuen Elkargoak (2022) Doktoretza Tesi Onenaren Ignacio María Barriola saria eman zion Alzheimer gaixotasunean biomarkatzaile epigenetikoak identifikatzea izenburuko tesiagatik. 2020 eta 2022 bitartean, Carlos III. Osasun Institutuaren Río Hortega ikerketa-kontratu lehiakorraren onuraduna izan zen. 2022ko martxotik, neurologo klinikoa eta ikertzaile independentea da Donostiako CITA-Alzheimer fundazioan, eta Down sindromea duten pertsonengan Alzheimer gaixotasunari buruzko bi proiektu zuzentzen ditu (horietako bat Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du eta bestea EITB Maratoiak).

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak

Hitzaldiak

Hitzaldiak

Notiziak

Notiziak

Solasaldiak Koronavirus garaian

Solasaldiak Koronavirus garaian

Tailerrak

Tailerrak

Zineforum

Zineforum